1926an, Manuel Maria Smith Ibarrak, euskal eta ingeles jatorria zuen arkitektoak, Carlton hotela bukatuta ikusi zuen, hain zuzen ere, hotelen munduan egin zuen lehen lana. Modu horretan hiriak aspalditik zuen behar bat asetzen zen, hain zuzen ere, hurbileko beste hiri batzuek bezalaxe, luxuzko hotel bat izatea.

Carlton hotela 1919tik (urte horretan diseinatu zuen Manuel Maria Smithek) 1926ra bitarte eraiki zen, eta Frantziako Bigarren Inperioko estiloaren adibide berantiarra da, garai hartan eraikitzen ziren hotel handi eta dotoreekin bat datorrena. Eraikinaren edertasunak zirrara eragiten du, angelu alakatuak dituen triangelu itxurakoa baita.

Kanpoaldetik, fatxada nagusiak eta eraikinaren alboek argi salatzen dute “beaux artes” estiloari atxikia dagoela, izan ere, honako hauek dira estilo horren ezaugarriak: simetria, sarrera handiak, eskalinatak, polikromia eta balaustrada, berme-erlaitzak edo behe-erliebeen panel asko eta asko egotea. Horien guztien artean, estalkiak eta txapitulak dira adibiderik ederrena.

Baina obrak barnealdean eta bertako 6 solairuetan zehar islatzen du hain ospe merezia eman dion distira. Gainera, Espainiako lehen hotela izan zen bainugelak logeletan integratzen. Izan ere, honako hauxe izan zen hasierako esloganetako bat: “Hotel Carlton, 200 logela, 200 bainugela”. Euskal eta ingeles jatorriko arkitektoak espazio zabal bat diseinatu zuen, erdiko eremua hartzen zuen hall bat, argi atsegin bat irazten duen beirategi beruneztatu eder batek estalita. Beirategi hori Carlton hotelaren sinboloa izan da denboran zehar, eta begirune handiz egindako zaharberritze-lan baten ondoren, hoteleko klasizismoa irudikatzen jarraitzen du.

1995ean, Eusko Jaurlaritzak aipatutako balio horiek guztiak aintzat hartu eta monumentu arkitektoniko, historiko eta kultural izendatu zuen. Aitorpen horrek are gehiago sendotu du Carlton hotelak Bilbon duen eta izan duen protagonismoa.

Carlton hotela Euskadiko historia garaikidean izandako gertaera sozial eta kultural garrantzitsu askoren lekukoa izan da.

Hotela Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zen gerra zibilean zehar, eta hoteleko bi lekutan antzematen da hori oraindik ere.

Lehenbizikoa saloietako bat da, Luis García Campos saloia. Eusko Jaurlaritzak 1936an egindako eztabaiden eta operazioen zentroa izan zen, José Antonio Aguirre lehendakaria zenean. Bitxikeria gisa, salbatu zen beirategi bakarra dago saloi horretan, eta gainera, gaur egun arte gorde dira lehendakariaren mahaia eta bi aulki.

Aipatutako beste lekua Moyua plazatik hotelera sartzeko erabiltzen den sarrera nagusiko eskailerak dira; bertan, oraindik ere, gobernua babesteko zegoen bunkerreko haizebideak ikusten dira. Bunker hori eraberritu egin da, eta hoteleko saloi pribatu bat da gaur egun.

Carlton hotelak arestian aipatutako kupula beiraztatu handia du hall obalatuan edo Beirategia saloian –hori ere Manuel Maria Smithek diseinatutakoa–, eta urteetan zehar Bilboko ekitaldi sozial eta kulturalen lekukoa izan da. Beirategia Bostonetik propio ekarritako beirarekin egin zen. Lana 1925ean egin zen, eta 2007an zaharberritu egin zen hura egin zuen enpresa berberarekin. Carlton hotelean, beraz, Espainian dauden bi kupula handienetako bat dago.